Honi buruz:

Lizentzia libreekin lan egiten duten hedabideen edukiekin lan egiteko tresna da IntegraCC.

Euskal Herriko dozenaka hedabideren milaka albisteren artean mugitzen da IntegraCC. Bateko eta besteko webguneetatik edukiak hartu eta formatu estandar batean agregatzen ditu, klik bakarrarekin edonorentzat errazagoa izan dadin bataren eta bestearen informazioa zabaldu eta berrerabiltzea.

Gaur egun IntegraCC euskarazko hedabideen artean erabiltzeko dago prestatuta, baina etorkizun hurbil batean, lizentzia libreekin lan egiten duten mundu osoko hedabideen integratzaile izateko aspirazioa dauka. Horrek biderkatu egingo luke batean eta bestean, hedabide erraldoien itzalean, bestelako errealitate batzuen berri emanez lan nekaezina egiten ari diren hedabide independente txikien potentziala. Klik gutxi batzuekin, beren publikoei oso modu errazean eskain ahal izango diote informazio eskaintza zabalagoa, nolabait, mundu mailako berri agentziek betetzen duten funtzioaren antzekoa, baina egitura guztiz deszentralizatu eta autonomoarekin, kultura librea oinarri hartuta.

Kode irekia da gurea eta IntegraCC-ren GitHub errepositorioan kontsulta daiteke. Komunitatearen ekarpenak ongi etorriak izango dira.

Euskal Herriko ARGIA hedabidearen beharretatik abiatutako proiektua da, Iametza-k garatua. Bi enpresa hauek bestelako mundu baten alde konprometituta daude, eta horretarako, beste gauza askorekin batera, kultura librearen potentzialitatea askatzea ezinbestekoa dela pentsatzen dute. Hedabide txiki eta independenteak ez dira elkarren konpetentzia, elkarren osagarri eta lagungarri baizik informazioaren sektorea kontrolatzen duten geroz eta esku gutxiagoen aurrean.

IntegraCC-k ez du hedabide bakoitzak lizentzia bakoitzarekin zer ulertzen duen aztertzen. Hedabide bakoitzak bere webgunean jarrita daukan lizentziari erreparatzen dio, eta bere edukiak lizentzia libreekin zabaltzen dituztela diotenen edukiak agregatzen ditu. Lizentziakin zalantzak izanez gero, jo https://creativecommons.org/share-your-work/cclicenses/ webgunera.